hello

w

w

w

w

w

GOGOAN IZATEKO

«GURE AITA» IKASI  

Umetan erakutsi zizuten «Gure Aita» errezatzen. Seguru asko askotan errepikatuko zenuen otoitz hori bazkaltzen hasi aurretik; mezetan ere abestuko zenuen; aitortzaren ostean penitentzia gisa ere esango zenuen. Gaur, behar bada, oso ahaztua daukazu. 

Beti esan izan dizute otoitzik garrantzitsuena dela kristauentzat. Jesus berak erakutsia. Egia aitortuz, ez duzu inoiz oso ondo ulertu. Behin eta berriz errepikatu izan duzu zer zenion jakin gabe. «Ikasiko» ote zenuke orain «Gure Aita» errezatzen?, esan ahal izango ote zenituzke hitz horiek barru-barrutik, Jesusek sentitu zuen antzeko zerbait sentituz?, azkenean, bere mamiaz jabetu ahal izango ote zinateke? 

«Gure Aita zeruetan zarena». Zu guztion Aita zara. Ez zaude leku sagaratu bati lotua. Ez zara tenplu, mezkita edo sinagogetan itxita bizi. «Zerutik» zure seme eta alaba guztiak zaintzen dituzu. Ez zara inolako erlijioren jabego. Ez zara elizkoiena bakarrik. Zuk zintzoentzat eta gaiztoentzat aterarazten duzu eguzkia. Horregatik, nik ere Aita deitzen zaitut. 

«Santu izan bedi zure izena». Egizu zure «Aita» izena ezaguna eta gurtua izan dadila. Guztiek aitor dezatela izen santu horrek bere baitan daraman ontasun eta indar salbatzailea. Ez dezala inork mespreza. Ez dezala inork zikindu zure seme eta alabei kalte eginez. Erakutsi orain zuren ahalmen salbatzailea. Bazterreratuak izan daitezela zure behartsuak hiltzen dituzten jainko eta idoloen izenak. Denek bedeinka dezatela Aita onaren zure izena. Inork ez dezala minik egin zure izenean. 

«Etor bedi zure erreinua». Munduan ez dezatela agindu indarkeriak eta gorroto suntsitzaileak. Agindu dezala zure justiziak, zure errukiak eta zure barkamenak. Ez dezala agindu lehen munduak hirugarrenaren bizkarretik, ezta europarrek afrikarren lepotik ere. Boteretsuek ez dezatela ahulen gain gehiegikeriarik egin ezta aberatsek behartsuen gain ere. Gizonek ez ditzatela emakumeak menperatu ezta gaizki ibili ere. Munduan nagusitu dadila maitasuna eta elkartasuna. Jakin dezagula zure bakeari bideak irekitzen. 

«Egin bedi zure nahia zeruan bezala lurrean ere». Zure nahiak ez dezala izan gure artean hainbeste oztopo eta eragozpen. Egin dadila zure borondatea eta ez gurea. Bete daitezela zure desioak, izan ere zuk gure ona besterik ez baituzu nahi. Mundu osoan egin dadila zure nahia eta ez munduko boteretsuek irrika dutena. Ikus dezagula gure artean burutua Aitaren zure bihotzean erabakia duzuna. 

«Emaguzu gaur egun honetako ogia». Emaguzu guztioi bizitzeko behar dugun janaria. Inor ez dadila ogirik gabe geratu. Ez dizut diru asko ez ongizate ugari eskatzen. Ez dut aberastasunik nahi pilatu eta pilatu aritzeko. Ogia guztiontzat, ez besterik. Munduan goseak bizi direnek jan dezatela; zure behartsuek utz diezaiotela negar egiteari eta has daitezela irri egiten; ikus ahal ditzagula duintasunez bizitzen. Egun batez guztiok, zure mahaian jarrita, elkarrekin jan ahal izango dugun ogi hori has gaitezela oraindanik dastatzen. 

«Barkatu gure zorrak guk ere gure zordunei barkatzen diegun ezkero». Zorretan gaude zurekin. Ez dakigu Aitaren zure maitasunari erantzuten. Ez gara zure erreinuan sartzen. Zure barkamena eta errukia behar ditugu. Gure otoitza benetakoa da. Barkatzeko eskatzen dizugularik, gurekin zorretan daudenei barkatzen ari gara. Ez dugu nahi gure bihotzean inoren aurkako erresuminik edo mendeku-irrikarik berotu nahi. Zure barkamenak berritu gaitzala eta elkar barkatuz biziaraz gaitzala. 

«Ez gu tentaldira eraman». Izaki ahulak gara, gure bizitza honda dezaketen era guztietako arrisku eta galbideak jasaten ditugu, zure erreinutik betiko urrunduz. Gaizkiaren misterioak mehatxu egiten digu. Ez iezaguzu utzi zu baztertzeko tentaldian erortzen. Ez iezaguzu utzi azken saioan hondoa jota erortzen. Tentaldiaren erdian zure laguntza ahaltsua eskura dezagula. 

«Atera gaitzazu gaitzetik». Entzun gure laguntza-oihua. Libra gaitzazu gaitzetik. Bizitzeko sortu gara. Bizitza diferente bat ezagutu nahi dugu, bizitza betea, askatua. Aita, atera gaitzazu gaitzetik!! AMEN. 

José Antonio Pagola

OTOITZA

Gure Aita, zeruetan zarena,

santu izan bedi zure izena,

etor bedi zure erreinua,

egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere.

Emaguzu gaur egun honetako ogia;

barkatu gure zorrak, 

guk ere geure zordunei barkatzen diegunez gero;

ez gaitzazu utzi tentaldian erortzen, 

baina atera gaitzazu gaitzetik.

Amen.